Bere ibilbideari eta kulturari leial ekinez, nortasun eta karisma handiko musikari hau estatuko artistarik garrantzitsuenetako bat da. Musika berezkoa duen gizon apala, ijitoa eta zintzoa da. Tradizioan ditu sustraiak baina, aldi berean, arima bera duten musiketara irekia dago; horregatik mota ezberdinetako artistekin partekatzen ditu bai eszenalekuak eta bai grabaketak.
Raimundok aitarekin ikasi zuen flamenkoa eta oraindik ere haren falseta batzuk jotzen ditu. Kalean bizi izan zuen flamenkoa eta giro berean ezagutu zituen hainbeste miretsi zituen blues eta rock artista handiak: Dylan, Hendrix… Beti ere, flamenkoari uko egin gabe haiengana hurbiltzen saiatu zelarik.
Entzuten dituen soinu guztiak barneratzeko duen gaitasunagatik, musikari bikaina bihurtu da flamenkoa beste musika motekin bat egiten; fusioaren bi talde aitzindari eta adierazgarrienak sortu zituen: bata Veneno (1977), Rafael, anaia, eta Kiko Venenorekin eta bestea, Pata Negra (1981), anaiarekin bakarrik. Mestizaje honetara iristerako Raimundo eskarmentu handiko musikaria zen, bere dinastía eta Montoya familiako flamenco-kantari eta dantzariei gitarraz akonpainamendua eginez, alde batetik, eta bestetik, flamenkoan dauden musikari handienekin kolaboratuz: Paco de Lucía edo Camaron. Azken honekin espresuki flamenko-rock-a egin zuen.
Pata Negraren buru Rafael eta Raimundo anaiak zirelarik lau disko atera zituen (PATA NEGRA 81ean, ROCK GITANO 82an, GUITARRAS CALLEJERAS 86an eta BLUES DE LA FRONTERA 87an). Taldearen azken bi diskoak (INSPIRACIÓN Y LOCURA eta COMO UNA VARA VERDE) Rafael Amadorrek bakarka kaleratu zituen eta Raimundok musika ibilbide berri bati ekingo dio.
Bere taldean edo diskoetan beti musikari handiz inguratzen da, bera ere beste musikarien diskoetan parte hartzen duenean bikainenak aukeratzen dituen bezala: Antonio Carmona, Remedios Amaya, Cathy Claret, Enrique Morente, Lole y Manuel, Sorderita, Ketama, Kiko Veneno, Juan Perro, Andrés Calamaro, Mala Rodríguez, la Familia Montoya, Camarón, Martirio, No me pises que llevo Chanclas, Rosario, José Soto "Sordera", El Lín, Luz Casal, Antonio Flores, Los Rodríguez, Nacho García Vega, Nacho Campillo, Malevaje, Tomatito, Björk, Howe Gelb ...zerrenda amaiezina da. Agian, kolaboraziorik kuttunena Raimundorentzat, B.B. King-ek egindakoa litzateke, bai Raimundoren lehen bakarkako lanean (Gerundina, 1995) eta baita urte berean Madrilgo Ventasen emandako kontzertuan parte hartu zuelarik.
Gaur egun, Raimundok duen indar positiboa, bere gitar bilduma bezalaxe hazten ari da eta kitarra jotzea du soilik buruan.