Madrilgo kaleko bluesaren esentzia garbia dira Fede Aguado eta Osi Martínez. Bi koblakari XXI. mendean. Country bluesaren tradizio zaharrenari begirik kendu gabe, badakite musika helarazten eta jendeari hurbiltzen eta berehala lortzen dituzte erabateko inplikazioa eta konplizitatea.
Fede Aguado; ahotsa, gitarra eta dobroa, bluesmana da hitzaren zentzu hertsian, eta gazteleraz abesturiko bluesaren interpretatzaile hoberenetako bat da gainera. Ironiaz, umorez, originaltasunez eta bizitzaren aurreko gogoetaz beterik daude bere letrek kontatzen dituzten historiak eta ez dute inor ez hotz ez bero uzten, beti esaten baitute zerbait eta gainera badakite nola esan.
Osi Martínez; aho-soinua, hau ere aspalditik ezaguna da musikaren munduan 1989. urteaz geroztik. Bizitasun handiz egiten dio putz bere Marine Band-i, hari bizkor eutsirik itsasoan galduak bere baltsari bezalaxe, eta erakutsi, transmititu eta kutsatu egiten du barne-barnetik darion sentimendua, horixe da bluesa, ez zaio buelta gehiagorik eman behar.
Bluseko bi anaia hauen musikari darion egiazkotasuna, zintzotasuna, magia eta pasioa gailurrera iristen dira zuzenekoan. Biek oso ondo ezagutzen dute elkar eta oso ondo ulertzen dute elkar. Hogei urte taula gainean eta hiru disko bikain beren izenean. Lehenbizikoa 1999. urtean, “Con el Corazón en la Mano” eta nire iritziz bluesa gurtzeko diskoetako bat gaztelaniaz abestua. Bigarrena 2007an grabatua, “Dos Balas Perdidas”, eta azkena 2014. urtean “Veinte años no es nada”.
Berriro ere hementxe izango ditugu Fede eta Osi Hondarribiko bluesaldian hamargarren urteurrena ospatzen eta hiri honi eskainitako beren Blues ospetsua jotzen.