Balantze ezin hobe hamaikagarren edizioan

Musika ona, giro ona, eguraldi ona, eta oraingoan ere babes izugarria jendearen aldetik, urterik urte gainditu egiten baititu espekatiba hoberenak. Parte hartu duten taldeek eta bakarlariek saio ezin hobeak eskaini dituzte, kalitate handikoak, eta oso ondo pasa dute zaleek.

Inolako zalantzarik gabe, henry Gray izan da edizio honetako adierazgarri nagusia, izugarrizko maisutasuna eta eskarmentua erakutsi baititu Hondarribian egon den eszenatokietan: Bentako eszenatoki nagusian, Arma plazan eta Benta Blues Villagen. Baina haren oso hurbiletik ibili dira beste hainbat ere, Lurry Bell, Mr. Sipp, Shemekia Copeland, Deitra Farr edo EricSlim, esate baterako, gehien espero ziren bakarlari batzuk aipatzeagatik.

Oraindik goizegi bada ere zenbakiez hitz egiteko, esan behar da, jende asko egon dela programatutako kontzertu guztietan, hasierako saio pedagogikoarekin hasita, Itsas Etxeko auditorioan 400 haur bildu baitziren, eta baita Arma plazako eta San Pedro kaleko kontzertuetan ere, eszenatoki nagusian izan ziren saio bikainak ahantzi gabe, noski. Hiriko bazter guztietara zabaldu da blues giroa, etxeetako balkoietatik hasi eta dendetara eta ostalaritzara ere.

Eskerrik asko guztiei hala izateko aukera emateagatik!