Raimundo Amador eta Jam Session, azken txanpan

Hondarribiko Bluesaldiaren hamahirugarren edizioaren azken txanpako programak gustura utziko ditu guztiak. 13:00etan, herri paella, dena leporaino beteta seguru, eta postre garaian, berriz, Bayoo Moonshiners eta Chicago All Stars izar handiak.

Arratsaldez, San Pedro kalean (19:00etan), New Orleans Jazz Funeral, guztiak txundituta uzteko. 20:30etan, Bentako eszenatoki nagusian, Rag Time Rumors holandarrak eta 22:00etan, Raimundo Amador karismaduna, bereziki ezaguna musika barneratzeko eta flamenkoa beste era askotako estiloekin bat egiteko duen gaitasunagatik.

Amaiera, beti bezala, Jam Session apartak emango dio. Lau egunetan bluesalditik pasa diren eta oraindik Hondarribian jarraitzen duten artistetako askok hartuko dute parte. Benetako inprobisaziorako unea, urrezko amaiera emateko bluesaldiari.