Larry Taylor eta Fito de la Parra, Hondarribia Blues Saria 2018

Oraingo honetan bikoitza izango da Hondarribia Blues saria, eta oraindik ere Canned Heat taldean ari diren jatorrizko bi musikari emango zaie, New Yorkeko Larry Taylor baxu jotzaileari eta jatorri mexikarreko Adolfo “Fito" de la Parra bateria jotzaileari. Biek sortu zuten, beste musikari batzuekin batean, blues band arrakastatsu hau, 1967an, eta biak izango ditugu Bentako agertoki nagusian, zale guztien aurrean, bluesaren munduan ibilbide luze bezain oparoa saritzeko Bluesaldiak sinbolikoki ematen duen txapela brodatua buruan janzten.

Gogoraraziko dugu sari hau lehen mailako artistek ere jaso dutela, horien artean aipagarri John Mayall, Eric Burdon, Pinetop Perkins, Taj Mahal, Johnny Winter, Bob Stroger, James Cotton eta Hubert Sumlin.